Autorea: Izaskun Aldezabal eta beste
Liburu hau UEUk
hizkuntza-teknologien inguruan argitaratzen duen
bigarrena da. Lehenengo liburuan morfologia landu genuen, atal zehatz
bat. Bigarren honetan, ordea, hizkuntza-teknologien ikuspuntu
orokorra aurkezten dugu bi atal nagusitan: ereduak eta produktuak.
Hizkuntza ulertzeko, aztertzeko eta azaltzeko saioan erabiltzen diren
ereduak hartzen ditu liburuko lehen atal nagusiak, lau kapitulutan
banatuta: morfologia, sintaxia, semantika eta pragmatika.
Bigarren atalean produktuak azaltzen dira: 6. kapituluan erabiltzaile
arruntarentzako aplikazioak (zuzentzaileak, hiztegi-kontsultak
on-line, itzulpen automatikoa, testu-masa handiak tratatzekoak,
hizketaren tratamendua eta interfazeak); 7. kapituluan
hizkuntza-softwarea sortzen dutenentzako tresnak (analizatzaile
morfologikoak edo sintaktikoak, adibidez); eta 8. kapituluan edozein
aplikazio edo tresna garatzeko behar-beharrezkoak diren
hizkuntza-baliabide eta oinarri linguistikoak (corpus, hiztegiak eta
ontologiak adibidez).
Hasierako atarikoetan puntu hauek jorratu ditugu: oinarrizko
kontzeptuak, hizkuntza automatikoki prozesatzeko aurkitzen diren
arazoak, urtetan izan duen bilakaera, eta ohiko analisi batean
bereizi ohi diren faseak.
Bukaeran gogoeta bat egiten da hizkuntza-produktuak garatzeko
jarraitu behar den estrategiari buruz.
|